XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kilate askotako erakusketa

Gasteizko Kordoi Etxean 700 ale ikus daitezke, besteak beste, diamanteak, esmeraldak eta errubiak

Bost kontinenteetatik ekarritako mineral eta gemak ikusi ahal izango dira Gasteizko Kordoi Etxean ezarritako erakusketan.

Natur Zientzien Tailerrak antolaturik, edizio honek hamabosgarren urteurrena ospatuko du, eta bertan bilduko dituzte jende xehearentzat eskuragai ez diren zenbait diamante, esmeralda eta errubi.

Gauza berezi modura, Mexikon eroritako meteorito bat ere ikusi ahal izango da datorren abenduaren 11 arte zabalik egongo den erakusketa bitxi honetan

Tasmania, Kamerun, Afganistan, Brasil, Nepal eta beste zenbait tokitako mineral eta harriak ikusteko jada ez dugu milaka kilometro egin beharrik: nahikoa izango da, datorren abenduaren 11 arte, Gasteizerako bidai txartela eskuratzea, hantxe egundoko erakusketa antolatu baitute.

Guztira 700 ale baino gehiago dira Kordoi Etxeko erakustaretoan ikusgai daudenak, besteak beste, diamanteak, esmeraldak eta errubiak.

Gasteizek urtero-urtero hartzen duen Natur Zientzien Tailerraren barruan kokatzen da erakusketa hau, eta aurtengoak 15. edizioa beteko du.

Zenbaki borobil hori ospatzeko, mineralogia eta gemologia izan dira antolatzaileek aukeratu dituzten ardatz nagusiak, eta Euskal Gemologia eta Mineralogia Elkarteko kideen kolaborazioa izan dute.

Hala ere, egunotan egiten ari den edizioa ez da mineralei eskainitako lehendabizikoa. Orain dela bi urte ere protagonista bihurtu zitzaizkigun, nahiz eta orduko hartan gemek ez zuten ohorea konpartitu.

Ignacio Borras elkarteko kidea da eta Gasteizen ikusi daitezkeen zenbait ale bereak dira.

Berak lagatutakoekin batera, bost erakusketari gehiagorenak daude Kordoi Etxeko bitrinetan. Guztira 19 bitrina dira Gasteiza hurbiltzen direnek ikusi ahal izango dituztenak. Haietatik 14 mineralez josita daude, eta lau soilik dira gemak dituztenak.

Borras gemologoak berak aipatu zuenez, lau bitrina horien barruan dagoenak milioi bat pezeta baino gehiago balio du.

Harririk erakusten ez duen bitrinarik ere badago. Zientzia horretan jakin-min handia dutenentzat, antolatzaileek beste bitrina bat ezarri dute, gaiari buruzko bibliografia zabala erakusten duena.

Bost kontinenteak

Esan bezala, bost kontinenteetako herri askotako aleak ikus daitezke. Besteak beste, Estatu Batuak, Peru, Errusia, Madagaskar, Espainia, Australia, Afganistan... eta baita Euskal Herria ere ageri dira, berton antolaturiko erakusketa batean ezingo lirateke bertoko mineralak falta eta.

Hala eta guztiz ere gemak, eta ez mineralak, dira ikusminik handiena sortzen dutenak. Hantxe dauden topazio, esmeralda, errubi eta turkesek bitxigile bati baino gehiagori poztuko liokete eguna.

Azkenaldi honetan hain ospetsu bilakatu zaigun anbarra ere gema modura dago sailkaturik eta, jakina, ezin falta erakustaretoan. Are gehiago, ikusgai dauden hamar anbar harriek intsektu bana daukate barruan.

Bitxikeria modura esan beharra dago anbar hori ez dela Arabako Urizaharra herrixkan kausiturikoa.

Ignacio Borrasek azaldu zuenez, hantxe bildutako anbar guztia Arabako Natur Zientzien Museoan dago, eta leku horretan jarraituko du egiten ari diren ikerlanak amaitu arte.

Haatik, gema hauek guztiak gutxietsi barik, erakustaretoko izarra diamantea dugu. Bitrina berezi batean mineralik gogorrenaren tailatze teknika erakusten da pausoz pauso, eta bost dira bisitarien begien aurrean dauden aleak, ongi samar gordeta, jakina.

Badago bitrinetatik at dagoen mineralik ere eta, zalantza barik, honexek dira erakusketan handienak. Esate baterako, Marokotik ekarritako Basamortu Arrosak ia metro erdiko luzera du, eta Brasilgo Amatista ez da askozaz txikiagoa. Hegoamerikako herri berberetik ere Agata ale eskerga bat ikus daiteke.

Meteorito bat

Kordoi Etxeko erakustaretoan kuriositateren bat aurki daiteke.

Zer eta Mexikon eroritako meteorito bat dago bitrina batean. Gainera, egunotan biziki mintzatzen ari da espaziotik etorritako harri horiei buruz. Izan ere, meteorito euria gau hauetan nonahi ikus daiteke, baina egunotakoak ez dira normalean Lurrera erortzen, arras txikiak dira eta.

Aurreneko edizioetan bezala, lehiaketa bat egingo da aretora hurbiltzen diren ikasleen artean. Lehiaketan erakusten diren gema eta mineralei buruzko zenbait galdera egingo zaizkie haurrei, eta mineral aleak eta liburuak banatuko diete irabazleei.

Tailerrak aurreikusita daukan azken ekitaldia Mundu Minerala izeneko konferentzia bat da, Carlos P. Doral zientzialariak eskainiko duena abenduaren 26an arratsaldeko 7.30ean.

Beraz, mineralogia eta gemologia zientzietan adituek ez dute aitzakiarik Gazteiza ez etortzeko, eta harrien mundu horretan jakin-mina dutenek ere sakontzeko abagune paregabea dute Natur Zientzien Tailerrak antolatutako erakusketa honetan.